@ARKKUSO

Iruñe Astitz Larunbe naiz, @arkkuso sareetan eta marisaltxera bi munduetan errealean

Uda honetan ikusteko BOST telesail motz

Zinemara joatea piloa gustatzen zait. Bai, krispetak (karameluzkoak, ze goxoak!) jan bitartean pantaila handiaz gozatzeak flipatzen nau.

Baaaainaaa, ditxosozko pandemia dela eta telesailak eta filmak ikusteko plataformetara biziatu naiz. Badakizue: Netflix, HBO, Prime Video, Disney+ (plus edo plas erraten da?), Filmaffinity…

COVIDa etorri zenean, etxean genuen telebista, aparailu inteligente horietakoa zen eta tamaina handikoa gainera. Imajina dezakezue nolakoa zen bertan edozer gauza ikustea!

Hilabete luze eta bero hauek gauza asko egiteko aukera ematen dute. Horregatik, gaur, uda honetan ikusteko BOST telesail motz proposatzen dizkizuet:

Derry Girls (Netflix)

1990ko hamarkada, Derry. Ipar Irlandako gatazka amaitzear dago eta Erin Quinn eta bere lagunak Orla (Erinen lehengusina), Claire, Michelle eta James (Michellen lehengusu ingelesa) eskola kristau batean ikasten duten nerabeak dira. Bere identitatea eta izaera eraikitzen ari diren momentu transzendentalean murgiltzen dira, gertaera komikoei atea irekiz.

Asko gustatzen zait gatazka armatu eta soziala ez duelako zentroa hartzen, baizik eta nerabe koadrila baten egunerokoa. Interesgarria iruditzen zait hortik abiatuta, gatazkak eta haien bizipenak nola elkar-lotzen diren eta, beraz, nolako harremana eratzen den testuinguruaren eta pertsonaien artean.

Sex Education (Netflix)

Nork ez du telesail honetaz ezer ere aditu? Ziurrenik ikusia izango duzula, edo behintzat ikusteko zerrendan, baina, bazpadare zerrenda honetan sartu dut.

Ama sexologoa badu ere, Otis Milburnek sexuaren inguruan anbibalentzia handiz jokatzen du. Nahi gabe, bere institutuko aholkulari bihurtuko da sexuarekin eta sexualitatearekin zerikusia duten gaiekin Maeve-rekin batera.

Bi denboraldi baditu ere, ti-ta batean ikusten da. Asko gustuko dudan telesaila da lehengo denboraldian oinarrizko kontzeptuak lantzen dituztelako pertsonaiak ezagutzen goazen heinean, eta, bigarrenean, kontzeptuetan sakondu egiten da aurretik ezagutzen ditugun pertsonaiei gertatzen zaizkien kontuekin.

Betty (HBO)

Ez, lasai, ez naiz telenobelaz ari. HBO plataformak propio ekoiztutako telesail amerikarra da. Gazteak dira protagonista, bost emakume skater, alegia. Skate Kitchen (2018) filmean oinarrituta dago eta bertan parte hartu zuten aktore gehienak agertzen dira telesailean.

Asko gustatzen zait, gizonezkoak nagusi den unibertso batean beren tokia eskatzen duten emakume gazteak direlako protagonistak. Izan ere, New Yorkeko Skate munduan tartea egin nahi dute neska hauek eta hori lortzeko bidean, Janay, Honeybear, Kirt, Indigo eta Camille (ze wapa, by the way) elkar ezagutu egiten dute neska skaterren talde bat sortzeko, elkarrekin patinatzeko asmoz. Hortik aurrera…

It’s a Sin (HBO)

Drama gustatzen bazaizu, hau da zure telesaila. 1981ean Londresen bizi diren gay talde bat da telesail honen protagonista eta HIESAk astindutako Londres baten erretratua osatzen du.

Ikusi beharreko telesaila da ezbairik gabe. Batetik, garai horretako egoera ezagutzeko aukera ematen duelako; eta, bestetik, garai horretan bizitakoa protagonista ezberdinen egoeratik ikusi eta bizitzeko aukera ematen duelako.

Ah! Ta beno, Nathaniel Curtis ere dagoelako <3

The L word: Generation Q (Movistar +)

The L word lesbiana eta bisexual emakume guztien telesaila da, 2004 eta 2009 urte bitartean emititu zena.

Oraingo telesail honek, aurrekoaren jarraipena da, 10 urte beranduago eta eszenatoki berri batean: Los Angeles. Shane (nore crusha ez da izan emakume hua?) , Bette eta Alicekin batera Dani, Gigi, Micah, Finley (in love berarekin) eta Sophieren egunerokotasunean murgiltzeko aukera ematen du.

Maitasuna, umorea, drama, sexua, etab. nahi badituzu hau da zure telesaila.

Nire gomendioa lehenago The L word ikustea da, baina ez baduzu nahi, ez da ezer pasatzen.

Baliteke baten bat ikusita izatea edo ikustekoen zerrendan, baina tira, bost aukeratu nahi nituen eta horrela geratu da zerrenda. Eta zuk, zein telesail gomendatuko zenidake?

⭐️🌈🙃

@arkkuso

Marisaltsera izatez eta bokazioz. Barrez lehertu arte kroketarena egitea gustatzen zait. Ur azpian ere hitz egin daiteke!

3 thoughts on “Uda honetan ikusteko BOST telesail motz

  1. Derry Girls eta Sex Education oso oso gomendagarriak. Mordoa gustatzen zait umore hori!

      1. Orla oso ona da (bueno, denak dira oso onak), baina nik barre gehien zuzendari monjarekin egiten dut XD

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude