Baliteke aspalditik Twitterretik ezagutzea edo Youtuben bideoak egiten hasi nintzenean (baiii, kanal bat daukat eta noizbehinka, hau da, gogoz nagoenean bideoren bat igotzen dut). Apika Twitchen ezagutu ninduzun, edota #3000twitz ekimenaren harira. Baliteke ere duela oso gutxi ezagutu duzula BLOG honetan lerro hauek betetzen dituen ero hau. Edo agian betidanik ezagutzen dugu elkar.
🎶 DOPAMINA – Chica Sobresalto 🎶
Ezagutzen banauzu edo ez, hemen dituzu niri buruz jakin behar dituzun bost gauza:
IRUÑE da nire izena
Bai, ongi irakurri duzue! Ez naiz Irune, ez Irene, ez Iruña, ezta Zuriñe ere (ez dut ezer izen hauen kontra eh!). Txikitatik sutan jartzen nauen gauza bat da. Ez dakit den nire izena berezia izan eta asko gustatzeagatik, edota klasean Irune eta Iruñe izena genuen bi geundelako.
Benetan eh! Ez da hain zaila norbaitek dokumentu batean IRUÑE idatzita baldin badauka horrela idaztea, edota email bat bidaltzen badizute sinatzen duten izena erabiltzea berari zuzentzeko orduan. Ez da oso zaila ez? Ba antza denez ez!
Nire herria: BARAÑAIN
Iruñe izena badut ere, bertan jaioa banaiz eta gaur egun Iruñean bizi banaiz ere, ni barañaindarra naiz eta beti izango naiz. Barañain Iruñea alboan dagoen herri bat da. 20.000 biztanle baino gehiago baditu ere, denak elkar ezagutzen gara, horregatik guretzat herri txikia balitz bezalakoa da.
Ba al zenekiten Barañainen ez dugula semafororik eta horregatik, lehen behintzat, Munduko Guinness Errekorren Marken liburuaren barruan dagoela/zegoela?
Bide batez, erraten da (eta ni super konbentzituta nago horretaz) edonora zoazela, berdin du Euskal Herriko zein nazioarteko edozein tokitan zaudela, beti aurkituko duzula barañaindarren bat edo barañaindarren bat ezagutzen duen norbait. Goazen proba egitera: nitaz gain, Barañaingo norbait ezagutzen al duzu?
Nire altuera? Ia 2m!
1,93m-ko altuera daukat. Jaio nintzenean luzera arrunta (51cm) banuen ere, egia da betidanik altua izan naizela. Pentsa ezazue! Nire lehengusina urtarrilean jaio zen eta berak 8 hilabete zituenean eta nik hiru hilabete, jada bere tamainakoa nintzen.
Beti altua izan naizenez, ez dut inolako arazorik izan ez neure buruarekiko, ez besteekiko. Niri altua izatea asko gustatzen zait. 20 urteak arte edo beti galdetzen zidaten: “Nora arte haziko zara?”. Nik, benetan, horrelako galderak ez ditut inoiz ulertu. Beti, beti harrituta begiratu izan diot galdetu didanari “ze inporta zaizu zuri” pentsatzen nuen bitartean. Nire erantzuna beti berdina izan da: “hazten bukatzen dudan arte!”. Pentsa galdera bota zidanaren aurpegia jijijiji.
Handitan ITSAS BIOLOGOA izan nahi dut!
Txikitan itsas biologoa izan nahi nuen, 15 urterekin egiten dizuten test horietako batek nire gustuak askotarikoak zirela erakutsi zuen arte: gizarte zientziak, biologia eta jarraian arlo teknologikoa (Geminis vibes).
Orkak nire animali gogokoenak dira (ikusi duzu zer nolako ehiza estrategiak erabiltzen dituzten? Ikaragarria!) eta oso argi nuen hauek ikasi nahi nituela. Baaaaina 15 urterekin zerrenda horretan Kazetaritza ikusi ondoren eta jarraian bi ikasketetako lehenengo mailako ikasgaiak aztertu ondoren, kazetaritza ikastea erabaki nuen. 15 urterekin!
Eta pentsatuko duzu batxilergoa eta gero kazetaritza ikasi nuela. Ba ez! Batxilergo 2. Maila ikasturte korapilatsua izan zen niretzat eta hain nekatuta eta neure buruarekin hain gaizki sentitzen nintzenez, dena gainditu banuen ere, bi urte “sabatiko” hartzea erabaki nuen.
“Sabatiko” diot ze bi urte horietan Animazio Soziokulturala Goi Zikloa ikasi nuen Iruñeko Hezitzaile Eskolan (orduan, IES Adaptación Social). Bi urte izugarri horien ostean, neure burua askoz gehiago ezagututa, Bilbora joan nintzen, orduan bai, kazetaritza ikastera.
Nahi baduzu, beste artikulu batean nire hezkuntza prozesuaren inguruan idatzi dezaket; hau da, zer ikasi dudan, non, zer iruditu, nola bizi izan nuen, etab. Eskatzea baino ez duzu!
Ur azpian ere hitz egin daiteke!
Hitz egitea eta barre egitea da nire egunerokotasunean gehien maite ditudan gauzak. Ez dut nire egunerokotasuna barrerik gabe, eta hortaz, nire txiste zoragarriak (oso txarrak) kontatu gabe, batzuetan (bale, gehienetan) momentuan bertan asmatzen ditudanak gainera!
Eta bueno, hitz egitearena.. zer erranen dizuet ba nik. Ezin dut, saiatzen naiz eta asko kostatzen zait “ezetz 5 minutu isilik egon!” erronkei aurre egiten. Nire burua azkarregi doa eta gauza asko pasatzen zaizkit burutik kanpotik jasotzen ditudan estimuluen aurrean. Nola egongo naiz ba ni isilik? Ezinezkoa dut!
Orain zertxo bait gehiago ezagutzen nauz. Gauza gehiago jakin nahi baldin badituzu, iruzkinetan edota sare sozialetan eskatzea baino ez duzu!
Kuriositate handia dut: Partekatu ditudan bost gauzetatik, baten batek harritu zaitu? Kontaidazu iruzkinetan!
⭐️🌈🙃
Oharra: hemendik aurrera, post hasieran abesti bat jarriko dut testua irakurri bitartean hori entzuteko.