@ARKKUSO

Iruñe Astitz Larunbe naiz, @arkkuso sareetan eta marisaltxera bi munduetan errealean

Berriz saiatzeko, berriz ekiteko aukera berriak

Hitzen boterea errefusatzen duenak, bere zein besteen hitzen mende biziko dela uste dudan horietako naiz. Hitzek badute nolabaiteko pisua edo magia (zuek aukeratu hitza), gure eta besteen buruari zuzenean eragiten diona; izan konbentzitzeko, motibatzeko edota gutxiesteko.

Oso garrantzitsua da geure buruarekin ditugun solasaldi/eztabaidetan gure hitzak ongi aukeratzea. Egidazue kasu, neure burua gutxiesteko eztabaidetan badudalako esperientzia, tamalez.

Ez dut denboraldi ona pasatu eta oraindik osatzen nabil. Gogorra izan da eta oraindik, tarteka hala da. Baina, badakizue zer? Denbora tarte honetan asko ikasteko denbora izan dut, bereziki neure buruaz, tartean lehen aipatutakoa.

Udaberria heldu da eta ni euforika nago! Ez dakit zergatik, baina betidanik udaberriak alaitu egin nau, iluntasuna argitu eta pilak kargatu izan dizkit. Akaso maiatzako lorea naizelako?

Dena dela, pozik nago, alai eta indarberrituta. Buruan ditudan gauzei (berriz) ekiteko gogoekin nago. Ez al da hori udaberriak urtero erakusten diguna?

Hamaika aldiz eroriko naiz, hamabi aldiz zutitzeko. Batzutan gehiago, beste batzuetan gutxiago kostatuko du. Garrantzitsuena, saiatzetik ekitera pasatzea da!

Ahoz-goran edo altuan erratea edota idatzita irakurtzeak izan ditudan eta oraindik ditudan neurekiko ohitura toxikoetaz konturatzeko aukera eman dit. Ze, badakizue, zertarako haterrak edo arerioak izan, gu bait gara handiena?

Barrenak nahastu dizkit, buruz behera jarri eta ditudan arazoak onartzea eta aurre egitea asko kostatu zait eta kostatzen zait oraindik. Akaso lerro hauek irakurtzeak nire barrenak astintzen dituzten afera horiek onartu eta horiei aurre egitea lagunduko didate.

Baina, txikis, super albiste on bat dut guztiontzat: UDABERRIA HEMEN DA! eta super gogotsu nago orain artean egiten nabil guztiarekin jarraitu eta gauza berriei ekiteko.

Pixkat errepaso modura, ikasturte hasieratik irakasle bezala nabil Iruñeko DBH Institutu batean, 3. mailako bi talderi euskara ikasgaia ematen. Horretaz gain, larunbatero, Euskadi Irratian Nerea Arriola eta biok ‘Mikro Irekia’ tartea dugu Amarauna saioan. Ezin ahaztu, noski, nire Gaztezulo maitean emakumeak eta kirolaz idazten jarraitzen dudala eta TTAP aldizkari digitalean ere, tarteka, bideotxoren bat egiten.. euskalerria irratian ere tarteka ibiltzen naiz..

Udaberriarekin batera lan eta proiektu dezenteren proposamenak jasotzen ari naiz eta WOW! Ez dizuet gezurrik erranen: Kriston energia txutea izaten ari da! Ah bueno, eta garrantzitsuena.. 21 egun barru.. nire urtebetetzea izango da! Urteko egunik onena uztailaren 6arekin batera!

Gogotsu nago nire burua onartu eta beldurrei (gutxika-gutxika bada ere) aurre egiten hasteko. Niretzat oso berezia den prozesu bati ekin berri diot eta orain artean bete ez badut ere (zer erran dugu? Ohitura zaharrei buelta emateko unea da!), prozesu hau hemen jaso nahiko nuke, nire txokoa den blog honetan.

Beraz.. badakizue.. astero hementxe izango naiz neure astearen errepasoa egiten edo beste edozertaz idazten.

Eta zuek, sexis, zer moduz zaudete?

⭐️🌈🙃

PD: Erran al dizuet CHICA SOBRESALTO taldea asako gustoko dudala? Letrak barreneraino sartzen zaizkit eta neure buruarekin berkonektatzen laguntzen dit oso identifikatuta sentitzen naizelako. Hemen duzue atera duen azkeneko abestietako bat 🥦🥦🥦

@arkkuso

Marisaltsera izatez eta bokazioz. Barrez lehertu arte kroketarena egitea gustatzen zait. Ur azpian ere hitz egin daiteke!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude