@ARKKUSO

Iruñe Astitz Larunbe naiz, @arkkuso sareetan eta marisaltxera bi munduetan errealean

Youtube euskaraz: youtuberrak, booktuberrak eta gehiago!

Askotan egiten didaten galdera da ea nola hasi nintzen ni sare sozialetan. Batzutan gehiago, besteetan gutxiago luzatzen naiz kontakizuna egiten, baina lerro hauetan labur-labur azalduko dut…

2011n Kazetaritza ikasketak hasi nituen Bilbon. Beno, egia erranda, EHUren Leioako Kanpusean. Orduan izan zen sare sozialetan nire ibilbideari ekin nionean. Izan ere, nik ongi idazten banuen ere, klasean ni baino hobe idazten zutenak zeuden. Era berean, irrati mikroen aurrean sintetizatzeko erraztasuna zutenak ere bazeuden… Zer egingo diot ba nik hitz egitea gustoko badut?

Beno, kontua da ez nuela ikusten nola destakatu nezakeen kazetaritza munduan, ordura arte kazetaritza egitearekin lotuta zeuden formatuetan ni baino hobeak edo abilagoak baldin bazeuden. Ba, orduantxe, nire pixukide bati esker Twitter ezagutu nuen. Eta, jarraian etorri zen Youtube, bideo randomak ikusteko plataforma bat bezala ezagutzetik, bertan nire intereseko edukia topatzen hasi nintzen. 2011 zen, sexi koadrila, Youtuben eduki sortzaileen hastapenak!

Bi urte beranduago, Lisboan Erasmusa egiten nengoela Aiora @Probatxoa-k Youtubera euskarazko bideoak igotzen hasi zen. Eta horrela hasi nintzen nik ere bideoak igotzen. Barre batzuk bota nahi badituzue, hemen uzten dizuet nire lehenengo bideoa (ikusten baduzue utzi iruzkin bat behintzat XD).

Post hau irakurtzen jarraitzen baduzue (milesker, byDway) galdetuko duzue a ze nolako txapa sartu dizuedan eta oraindik ez dizkizuet euskarazko nire Youtuber zein kanal gogokoenak zerrendatu. Keeep Calm! Hartu arkatza, boligrafoa edo nahi duzuena eta hasi apuntatzen:

Aiora Probatxoa

Erran dudan moduan, euskarazko youtubeko erregina. 100 bideo ditu bere kanal “printzipalean” eta ordutik ez du bideorik igotzen bertara. Hala ere, ASMR txokoa izena duen kanal bat dauka ASMR bideoak igotzen dituena tarteka. Berriki BTSren inguruko kanala ireki du, mundiala!

Andrea Gonzalez

Gaur egun aktiboki dagoen youtuber bakarra. Astero igotzen ditu bideoak eta denetariko gaiak lantzen ditu. Euskaraz edukia sortzen dutenen artean nire ❤️ da.

@Ekintaekin

Publiko helduago batentzako edukia sortzen du Enekok eta, bereziki, euskal kultura du hizpide: korrika, bertsolaritza txapelketa, Sarean edukia sortzea, etab.

Sutan Bang! kolektiboa

Kanala estreinatu zutenetik gogoz jarraitu dudan kolektiboa da. Hainbat eduki mota egin dituzte eta gaur egun Garazi eta Amaliak literatu dute oinarri beren saioan.

Jonnylashop

Rol jokoak gustoko badituzu, Jonnylashop kanala ezagutu beharko zenuke bai ala bai. Kanal honetan rol unibertsoan murgilduko zara Jonnylashopen eskutik. Nik ez nuen ideia askorik, oraindik asko-asko ez dut baina ikasten nabil.  Rol munduaz gain, tarteka, bere ikasleendako bideoak sortzen ditu, euskaratik eta euskaraz, klasean emandakoa azaltzen.

Beste kanal batzuk:

  • Bertikala: Sarak eta Laurak aurkeztutako bideo-podkasta. Kriston barreak botatzen ditut eurak entzuten eta ikusten. Ezin ditut deskribatu, ikusi/entzun behar dituzue!
  • Klak!: Klak! Gazte Ahotsaren kanala da, Ernai gazte erakundearen proiektu komunikatiboa. Eduki ezberdina topatuko duzue bertan, baina gehien damolana Maddi Kintanak aurkezten duen Kabala bideo-podkasta da.
  • Barrexerka: Umorea eta sketchak. Orain dela gutxi podkast bat ere martxan jarri dute. Norbaitek nire belarruitakoa ikuszten badu esan diezadala Twitter bidez, mesedez! (Oharra: Barrexerkaren sketchak ikustean ulertuko duzue azken esaldi hau).
  • Gaztea Irratia: Gaztea Irratiak askotariko edukia sortzen du sare sozialetan. Harrigarria dirudien arren, ez dira bi urte ere kanala sortu zutela. Kate publikoak (EITB) duen gazteei zuzendutako duten Gaztea markaren baitan, Youtuben, sortzen duten edukiaren artean, nik gehien gozatzen dudanarekin ‘Zulora’ saioarekin da. Ane Zuazubiskarrek aurkeztuta eta Hiru Damatxok ekoiztutako programa honetan, saioa bakoitzean, gai bat dute hizpide eta mahaiaren bueltan eztabaidan/solasean jartzen dituzte hainbat gazte. Gainera, Julen Portillo tiktokerrak kaleinkestak egiten ditu.

Gero eta gehiago dira euskaraz sortzen diren kanalak eta ziurrenik asko utzi izango ditut zerrenda honetan sartu gabe. Azken finean, gogoratu sexi koadrila, goian jarri dizkizuedan kanal hauek nik ikusten ditudanetako batzuk baino ez dira.

Eta zuek, zeintzuk ikusten dituzue? Gomendatuko zenidakete baten bat?

⭐️🌈🙃

PD: Beste sare sozialetan jarraitzen ditudan euskal sortzaileak ezagutu nahi baldituzu, hemen duzue horren inguruko post orokorra. Bertan, sare sozial bakoitzeko artikulua estekatua topatuko duzue.

@arkkuso

Marisaltsera izatez eta bokazioz. Barrez lehertu arte kroketarena egitea gustatzen zait. Ur azpian ere hitz egin daiteke!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude